Esaten deuste ez dodala begietara begiratzen






ESATEN DEUSTE EZ DODALA BEGIETARA BEGIRATZEN


Esaten  deuste ez dodala begietara begiratzen,
nere begirada uzkurra dala,
bapateko usoen hegaldia lakoa;
uretara trabes botaten dan harri txingorra lez,
saltoka behatzen dodala, saiheska,
ur sakonen gainetik doan
harri-txingorra moduan
hondora joan barik
nere begirada lotsankorra da;
beharbada minaren beldur,
koldarra da.

Esaten deuste  begirada izutia dodala;
leihoko kristalean kolpeka galdurik
noraezean dabilen tximeleta lakoa;
jauzika behatzen dodala, trabes.
Etxetik aparte dabilen txakurra legetxe,
batengana eta bestearengana hurreratzen nazela
laztanen bila, makur, ostikaden beldur,
onartua izanda be, segituan
iges egiteko ikara batean.

Nere begirada hauskorra da,
ogi pusketa legetxe errekan;
berharbada minaren beldur,
mintzen da esperantza bakoen
mugen arantzetan.

Esaten deuste, eta halan izango da,
ze ni neu sarritan ez naz konturatzen,
begietara ez dodala begiratzen,
baina ez nintzateke zure begiradari iges
egiteko kapaz, jakinda be,
saltoka tximeleta lez ur gainean,
bapateko usoen hegaldi isladatua urmaelean,
berdur izango nintzatekeala
sentimenduen uhinetan onartua ez izateko,
 igesean doan gaueko txakur zaunka lez.





Comentarios

Entradas populares de este blog

JESÚS MONZÓN REPARAZ

ANTZERKIAZ

21 ILUSTRACIONES DE TONY FUTURA