EUSKAL BALADAK (KALTZAKORTA)
«Euskal balada askoren ezaugarria tragikotasuna da, eta batzuetan baita krudeltasuna ere»
– Orain antologia hau plazaratu duzu, baina zure doktore- tesia ere laster izango da kalean, ezta?
– Bai, uste dut jadanik inprimategian dagoela. Izenburua, berriz, hau izango du: 'Euskal baladak. Azterketa eta edizio kritikoa'. Ez dut euskal baladen corpus guzti-guztia hartu, baina bai zati handienetako bat. Aldaera guzti-guztiak ez ditut argitaratuko; zergatik? Soilik atzean eskuizkriburen bat aurkitu ditudan aldaeren kasuak hartu ditudalako aintzat.
– Herriak kantatu egiten zituen baladok. Baina aspaldi. Urte asko dira jendearen oroimenetik ezkutatu zirela.
– Bai, transmisioa aspaldi eten zen. Antonio Zavalak ahozko bertso eta bertsopaper asko bildu zuen, badakizu. Kantu eta baladen bila ere aritu zen, baina balada-eredu bakar bat baino ez zuen batu: 1967an izan zen, eta oso eredu txarra zen.
– Hara!
– Bai, Antonio Zavala ez zen bertsoetara mugatu, eta berak esan egiten du ahalegindu dela baladak ere jasotzen –berak 'erromantze' esaten die– eta adierazi dizudana: Urtsuako baladaren aldaera bat baino ez zuen topatu, eta hori Baztan aldean izan zen. Hala ere, egia da 1980ko hamarkadan hemen Bizkai aldean oraindik topatu zirela material batzuk, garrantzitsuak. Adibidez 'Testamentuarena' baladaren aldaera bat, 'Brodatzen ari nintzen'-en bi aldaera eta 'Frantziako kortekoak'-en beste aldaera batzuk ere bai.
– Badugu salbuespen harrigarri bat: XXI. mendean, Boni Urkizu Arbelaitz oiartzuar apaiza (1936-2013) gogoratzen zen, oraindik ere, umetan amari entzundako bi baladaz.
– Baina salbuespenak araua indartu baino ez du egiten. Oker ez banago, Bonik bost-sei urte zituela ikasi zizkion bi balada horiek amari. Emakume horrek kantatu egiten omen zituen zorua hareaz garbitzean. Balada bi hauek Agustin Mendizabalek, joan den urtean, 2017an, idatzi duen 'Hau leku aittorra!' liburu zoragarri batean datoz. Ni saiatu naiz argitzen zer dagoen dendaren atzeko aldean, alegia, zer idatzi dagoen edo dauden balada bakoitzaren atzean. Adibidez, Azkueren eskuizkribu denak errebisatu ditut. Eta Antonio Zavalak-eta erabili ez zituzten izkribu batzuk erabili ditudanez, balada-eredu berri batzuk eskaini ditut.
– Beraz, corpus handia eskaintzen duzu zure tesi horretan.
– Bai, ia mila eta bostehun orrialde dira guztira. Badira zenbait gai sartu ez ditudanak orrialde kopurua ikaragarri luzatzen zutelako. Gai ugari horietako bat ere paneuropearra da: 'El judío errante'. Euskaraz hainbat aldaera daude eta jatorrizko eskuizkribuak ondo gordeta ditut.
– Eta zenbat dira baladak?
– Gaiak? 74 guztira. Balada batzuk badira hiru, lau edo bost aldaera dituztenak. Antonio Zavalak 96 balada eskaini zituen bere 'Euskal erromantzeak' liburuan, baina horietako batzuk 'sasi-baladak' dira.
– Nor izan duzu zuzendari doktore-tesian?
– Luzaroan bakarrik ibili naiz han eta hemen material berri bila. Tesiaren zuzendari Deustuko irakasle izan den Juan Manuel Etxebarria izan da.
– Hogeitaka urte eman dituzu baladen inguruan, ezta?
– Nire kasua ezberdin samarra da. Ahozko generoak lantzen ibili naiz, eta argitaratzen eta argitaratzen. Amodiozko kantuak ere batzen nituen, eta baita esaera zaharren bildumak ere... Tesiko epeak ikusita, esan nuen: zertaz egingo duzu? Eta aukeratu nuen gehiena argitaratu dudan arloa: baladak. Baladen gaineko nire lehen artikulua, izan zen Antonio Zavalak bere erromantze bilduma aurkeztu zuenean. Zera gertatu zen, ni izan nintzela Antonioren bilduma haren aurkezleetako bat. Nire tesiak bi helburu izan ditu. Batetik, dagoen materiala finkatu, eta 'finkatu' diodanean esan nahi dut egiazko balada eman. Zer gertatzen da? Eman dezagun Azkuek bildutako balada bat; askotan, Azkuek bildutakoa eta gero publikatutakoa ez datoz bat.
–Zer egiten zuen bada Azkuek? Balada edertu, nolabait esateko?
– Azkuek Euskalzale aldizkarian, gaurko begietatik ikusita, gauza harrigarri bat zioen. Euskal kantuak, biltzen zirenean, baratzetik ateratako porruak bezalakoak zirela, eta zuten lurra kendu eta garbitu behar direla. Adibide guztiz grafikoa bezain beldurgarria da. Azkuek bi gauza egiten zituen. Batetik, batzuetan garrantzi gehiago ematen zion doinuari eta, hiru balada publikatzeko garaian, adibidez, lehenengo edo hasierako bi-hiru ahapaldiak baino ez zuen publikatu. Beste batzuetan, letra aldatu egin zuen, berak zituen ideia linguistikoek eraginda. Adibiderik politena da 'Andre Emili' baladan egin zuena. Hor, neskatila bat saltzen da mairu herrira, moroen artera, eta dirutan saldu beharrean 'upel eztietan' saltzen da. Hau da, eztiz betetako upelen truke. Baina Azkuek aldatu egin zuen, eta 'ezti upeletan' jarri. Ikusi dut jatorrizko idazkia, eta han 'upel eztietan' ageri da. Azkuek, denok bezala, hutsegiteak izan zituen. Eta tesiaren beste helburua da baladen aldaera berriak eskaintzea. Beste kantu asko eta asko Azkuek ez zituen aldatu.
– Aldaera berriak aurkituko zenituen.
– Askotan. Publikatutako ia balada guztietan dago aldaeraren bat nik aurkitutakoa. 'El marinero raptor' horren bost edo sei aldaera berri argitaratu nituen, eta gainera onenak, hau da, osoenak. Garaian garaiko azterketak egin ohi dira, eta Antonio Zavalak bere bilduma publikatu zuenean, hor hiru ale sartu zituen ez direnak baladak. Beste gauza bat dira: amodiozko kantak.
Oinarriak finkatu
– Liburuaren azalean ipintzeko, hamabosgarren mendeko 'Errodrigo Zarateren kantua' aukeratu duzue. Oso testu zaharra. Harrigarriro, 1996an argitaratu zen lehen aldiz, eta Julen Arriolabengoaren artikulu baten barruan. Nolatan hain berandu?
–Historia harrigarria da. Balada baino gehiago, kantu epiko bat da. 'Ibarguen-Cachopinen kronika' izeneko obra bat bada, hamaseigarren mendekoa, horrela deitzen dena bi pertsonak egin zutelako, bata euskalduna, Zornotza aldekoa, Ibarguen, bestea –Cachopin– Laredo aldekoa. Hauek halako kronika bat egiten dute, datu historikoak emanez, baina euskal kantuak eta euskarazko esaldi solteak tartekatuz. Material arriskutsua da. Zergatik? Datu batzuk fantasiazkoak direlako. Kronikaren zati bat Markinan egon zen –Mogel bizi zenean, hemezortzigarren mendean–, bestea Bizkaiko Diputazioan. Mogel Markinan zegoela, Humboldt azaldu zen, bi bidaia egin zituen gainera, bata 1789an, bigarrena 1801ean. Halaxe, Humboldtek Leloren kantua ezagutu zuen, Mogelek erakutsita, eta 1827an, oker ez banago, publikatu. Grimm anaiak baino are erromantikoagoa zen Humboldt, nahi izan zuen euskal kantu zaharrak bildu, eta hor jardun zuen bila; Lapurdin Andre Emiliren balada jaso zuen. Baina gero Markinako zati hori guztiz gordeta bezala egon zen, ikertzaileei-eta ez zieten ikusten uzten. Ondoren Bilbora ekarri zuten, baina oso egoera txarrean dagoenez, ia hauts eginda, orain ere ez dute ikusten uzten. Julen Arriolabengoak bai, zortea eduki zuen eta ikusi, eta gainera tesia egin zuen horren gainean. Nik nahi izan nuen ikusi, baina ez zidaten utzi. Juleni argazkia eskatu nion eta halaxe moldatu nintzen. Ez dakit Markinako zatia Bilbon dagoen, uste dut baietz.
– Harrigarria da.
– Bai, Markinako etxe hori Udalak erosi zuen eta orain hortxe dago udaletxea. Zer gertatu zen? Udalak eraikuntza erosi zuela, baina ez zituen erosi barruan zeuden altxorrak, eta haiek Madrilera saldu ziren txarto. Ondasunak banatu egin ziren eta arrastoa galdu dugu.
– Liburuan diozunez, euskal balada batzuk paneuroparrak dira, Europan barrena ezagunak. Zenbat izan daitezke horrelakoak?
– Hor ere ez naiz sartu. Europako hainbat hizkuntzatako bibliografia eta mila lan erabili behar direlako: ingelesez, alemanez, eta abarrez. Nire lana lan konparatiboa egitea baino lehenagokoa da. Lehen pausoa euskal baladak finkatzea da, eta gero gerokoak. Mila lan egin daitezke behin baladen korpusa finkatu ondoren. Nire lana, beraz, oinarriak finkatzea izan da. Esatea zer daukagun eta balada bakoitzetik zein den lehen dokumentua, lehen oinarria.
– Zehatz, zeri esaten diozu "lehen dokumentua"?
–Balada bildu zen momentuko lehen agiri hori. Lehenengo idazketa, alegia. Izan ere, askotan, lehen transkripzio hori ezkutatu egin digute, eta ondoren interpretazio desberdinak egin dira. Eta orain erantzungo dizut lehen egindako galdera hori. Balada paneuroparrak bost bat behintzat badira, eta horietako bat 'Las señas del esposo' da, euskaraz 'Lixibatxua' bezala ezagutzen dena. Istorioa zera da: gizon bat urrutira doa –normalean gerrara– eta zazpi urteren ondoren etxera dator eta emaztea ikusten du errekasto batean arropa garbitzen. Gizona desitxuratua dator, bizarrarekin, eta hasten da emaztea tentatzen: ea senarrik daukan, eta urrutietan daukan, ea etorriko balitz ezagutuko lukeen... Orduan emaztea konturatzen da eta esaten dio ezagutuko lukeela senarra, baldin eta erakutsiko balio berak emandako musuzapia. Halaxe, gizonak erakusten dio zapi hori. Beste bat europarra, 'Goizean goiz jaiki ninduzun', 'Alarguntsa' edo 'La guardadora del muerto' bezala ezagutzen dena. Horko leiendako protagonista, goizean emaztegaia da, eguerdian andre ezkondua da eta gauean alarguna.
–Orain, 'balada' esan eta lehenengo gogora datorkiguna maitasuna, eztitasuna da. Baina bistan da lehengo balada haietan odol eta biolentzia asko agertzen dela.
–Are gehiago, euskal balada askoren ezaugarria horixe da: tragikotasuna, eta batzuetan baita krudeltasuna ere. Zuk badakizu, Berterretxeren kantuan, Marisantzek ahurka biltzen du odola, hau da, esku beteka. Eta beste aldaera batean errada bat betetzen du odolez; ontzi handi bat, alegia.
Este comentario ha sido eliminado por el autor.
ResponderEliminarJabier Kaltzakortari bihotzez eskertzen diot nire lana aipatzea eta gainera zoragarri iriztea. Hain zuzen "Hau leku aittorra!" liburuan Oiartzun-Errenterian jasotako bi balada horien inguruabar eta xehetasunak aurki daitezke. Hala, irakur daietekenez ez Boni Urkizuk bakarrik, beste hiru berriemailek ere parte hartu dute miraritxo honetan, eta hirurak bizirik daude. Uste dut gutxienez haien izena hemen ere aipatzea zor zaiela, haiek gorde baitute beren memorian altxor hau:
ResponderEliminar- "Frantziako anderea"ren aldaera, Boni Urkizuk eta bere izeba Karolina San Sebastianek (1921) kantatu ziguten, bakoitzak bere aldetik, eta elkarren osagarri, gainera.
- "Brodatzen ari nintzen"en aldaera (bestea baino murritzagoa), Pepi Arrutik (1943) eta bere izeba Juanita Mujikak (1933); azken honen amak, arropa garbitzean kantatzen omen zuen.
Azken transmisioa beraz, Pepirengan gertatu zen, ume eta gazte zela. Eta Pepi izan zen lehen printza eman ziguna.
Nire iritziz, beraien izena ere esan beharra zegoen.
Eta auskalo oraindik horrelako gehiago ez ote diren zenbaiten buruetan gordeta egongo.
Eskerrik asko!