BOB? DYLAN?
Beñat Sarasola
Dylan bati Literatura Nobel Saria ematekotan
Thomasi eman behar ziotela eta ez Bobi usteko dute askok. Ezagun da gainera
Robert Allen Zimmerman gazteak poeta galestarrarengandik mailegatu zuela Dylan hura tabernaz taberna gitarra eta armonika
aldean ibiltzen zen garaian. Bere lehenengo diskoko Talkin' New York kantuan kontatzen du nola behin
kafetxe batera joan eta bertako arduradunak esan zion kirten baten moduan
kantatzen zuela, han folk musikariak nahi zituztela. Jakin izan balu zeken hark
mende erdi geroago ate herdoildu baten ahotsa zuen hura Samuel Beckett eta
Gabriela Mistral eta Albert Camusen aldamenean paratuko zutela.
Epaimahaiak Dylanen kantugintza nabarmendu du
sariaren merituak justifikatzeko, AEBtako tradizio luzea berritu izana. Hain
justu atzetik aurrerako bidaia balitz bezala, idatzizko sorkuntza alde batera
utzita, tradizio hori berreskuratzen dihardu azken bi urteotan, Frank Sinatrak
inoiz kantatutako abestien bertsioak egiten. Nolanahi den, Dylanen lerroa,
letragintzari dagokionez bederen, gehiago lot liteke ziur aski blues musikaren
ondarearekin, lehen pertsonaz idatzitako kronika-istorioekin. Bereziki
durduzagarriak dira jario etengabeko kantuak, lelorik gabeak maiz, lerroz lerro
eramaten zaituztenak jira eta bira, Subterranean Homesick Blues (gogoan har afixez
osatutako bideoklipa) edo, narratiboago bat aipatzearren, Tangled Up in blue-en gisakoak. Inork pedigri (funtzio)
poetikoa eskatuko balio ere badu tona bete material: «Bakea etorriko da /
lasaitasun eta distiraz suzko gurpilen gainean» idatzi zuen Changing of the Guards-en. Kantugintzatik landa, inoiz ez
naiz nekatzen Chronicles: Volume One kronika liburua goraipatzeaz,
literatura darion liburua, eta sariaren eszeptikoei irakurtzea gomendatuko
niekeena.
Dylanek lortutako sarian literaturaren
heriotzaren zantzurik topatu duenik ere bada: nola da posible idazlea ez den
bati eman izana saria? Akaso ahantziak ditugu filosofo (Bergson, Rusell) eta
politikariek (Churchill) ere jaso izan dutela (eta baita Echegaray-k ere).
Tira, akats ugarik ez dutela beste bat justifikatzen, baina ze neurritaraino
gaude prest letra larrizko nobelagileen (Roth, Pynchon, McCarthy, DeLillo)
ortodoxiaz kanpoko inori halako literatur merezimendurik aitortzeko?
Comentarios
Publicar un comentario