150 gr
150 gr
bihozkada mesedez!
Aurten lehenengoz molde txikiko antzerki, dantza, eta arte
ezseniko desberdinetako ikuskizunak batzen dauzan “150 gr” ekitaldira joateko
aukerea izan dot, eta proposapen interesantea begitandu jata. Hasteko, Gasteizko
Gorbeia Zaldiaran kaleko merkatua aukeratzeak emanaldi desberdinak antzezteko ikusleari halako konplizitatea eskatu deutso;
hain zuzen be, merkatu zaharrera erosketak egitera joan beharrean, antzerki
laburrez disfrutauteko inbitazinoa zentzumenak zorrozteko. Gainera, zeozeinek
pentsau baleike be, jendez gainezka dagoan
merkatu bera promozionauteko ikuskizuna dala, dasdaketa eta ardo txuriz
lagunduta diseinu berriko merkatua dala Gorbeia Zaldiarangoa, guztiz
konfundituta egongo litzateke, ze saltoki gehienak zarratuta daukazan auzo
merkatua da. Horregatik, bultzada behar daben auzoko denda txikiei laguntzeko
eta hainbat antzezleen beharra ezagutzeko antolatu da hiru egunetako ikuskizun
hau.
Eguazten arratsaldez
lau emanaldi ikusteko aukerea izan dogu; laurak espazio txikian,
aurreko denda barruan bertan, horrexegatik hogeitamarren bat ikusle izan gara
asko jota. Beraz distantzia motzean, eskenatokia ikusleen pare, aktoreek
antzeztu dabe euren ikuskizuna espazioari beste zentzu bat emanez,
egunerokotasuna eta artea lotuz aldarrikapenera, ze sarri auzoa zaindu eta eraberritu beharrean
bertan behera laga eta urruntzen gara inertziak eroanda. Sartu garenean merkatura
zabalik egoan harategi baten aurretik pasau gara, pasiloko gainontzeko postuak
zarratuta egozala: arraindegia, fruta denda, bakalau eta kongelatuak era
guztietako dendak itxita. Harrituta,
gainbehera etorritako azokan bertan ikuskizuna noiz hasiko zain, Antonio Lopez margolariak disenaitutako
espazio hiperrealista barruan banengo lez sentidu naz.
Ikusi dogun lehengo antzezlana Detritus teatrusen “Hot
Flash” izan da, Belen Nevadok, Betina
Sagrarion paperean, ez dautso laga trenari aurrera segi egiten bera Datoko
estazioan lagata. Pertsonaia sekulako bizitasun eta alaitasunez azaldu jaku,
Detritus teatrusek beti eskeintzen dau errealitateari aurre egiteko behar dan
grina eta umorea. Gu geuk, ikusleok, dogu begirada eta aldartea aldatzeko
beharra, ze ezelako eskandalu barik, harridura eta inozentzia uztartuz, arazoak
sortzen doguzan lez konpondu geinkezala erakusten deusku beti Belenek, inoiz
ahaztu barik muturreko egoeretan gizakiok berez dogun duintasuna.
Ikusi dogun bigarren ikuskizuna Daniela Perezen “Eva” izan
da, dantza garaikidea oinarri,
mendebaldeko gizakion kultur sustraiak izan dauz erreferentzia, ikusleok montaia
dastatzera gonbidatuz. Sagarra, bekatu baldarra, mendeetako zapalkuntza
kaskarra salatuz, dantza, argi eta soinu ikuskizun desberdina izan da, benetan eskema
apurtzailea.
Ondoren Mikel Losada eta Diego Pérezen “Herodes” antzezlana
ikusi dogu. Aktoreek umeen hilketan pentsaten dabilzan bi ejekutibo azaldu
deuskue; baina errealitatetik urrun, halako umore eta ironia sinesgaitzez
gainezka, zein hurbil, gizakia gizakiaren etsairik krudelena dala salatuz.
Aktoreen lana benetan azpimarragarria begitandu jata, ze ironiak muturreko
egoerara eroanda erakutsi ahal deusku, gezurra emoten badau be, errealitatea pentsaturiko
krudelkeririk gogorrenaren pare dagoala.
Azkenik “Arimaktore” konpaniaren “Mundu berri bat”
deiturikoa ikusi ahal izan dogu. Izugarri gustau jata, ze bi aktoreek sekulako
beharra egin dabe oso ondo landutako testua oinarri dabela. Bikote batek autobus
geltokian topo egin, eta bien arteko
elkarrizketa arruntak azalarazten dau sakoneko egoera, bata bestearen osagarri
delarik, pertsonaia baten ausardiak lagunduko deutso besteari indartsu izaten bizi dauanari buelta emoteko. Oso planteamendu arruntetik
abiatuta, ustekabean egoeraren
sakontasunean atrapauta sentidu gara, ze ikuskizunaren erritmoak irribarretik haserrera eroan gaitu
pertsonaiaren samina geure eginez. Benetan txalogarria eginiko lana.
Merkaturik irteterakoan sekulako erosketak eginda lez
sentidu gara; denda desberdinetako janariak erosi beharrean, ikuskizun
desberdinen lekuko, disfrutau dogu formatu txikiko antzezlan desberdinez
Gorbeia Zaldiaran merkatuan. Ahal izanez gero joan, merezi dau eta.
Comentarios
Publicar un comentario