NOBELA BELTZA EUSKAL HERRIAN
http://www.berria.eus/paperekoa/1959/040/001/2015-01-18/bizitza_bera_bezain_beltza.htm
Oso artikulu interesgarria begitandu jata Ander Pérezek Berrian nobela beltzaren gainean idatzirikoa, horregatik, oihartzuna izan dezan hona hemen:
Oso artikulu interesgarria begitandu jata Ander Pérezek Berrian nobela beltzaren gainean idatzirikoa, horregatik, oihartzuna izan dezan hona hemen:
Baztango giro umel eta laino itxiaren erdian, erraz irudika daiteke gertakari misteriotsu bat. Halako giroan, nobela beltzaren neurrira egindakoa dirudi agertokiak. Ez eguratsagatik bakarrik. «Paisaiak, baztandarren izaera estereotipatua, kontrabandoaren tradizio historikoa...», hainbat elementuk ekarri dute Nafarroako iparraldeko eskualdearen eta nobela beltzaren arteko lotura estua. Joseba Otondoren iritzia da hori. Berak eta hainbat lagunek Baztango Nobela Beltzaren Astea antolatu dute, datorren asteazkenetik aurrera. «Irakurzaletasuna beste era batera gozatu» nahi dute, eta haien eskualdeak genero beltzarekin izan duen harremana baliatu dute horretarako. Astebetez, euskal letretako lan beltzak ekarriko dituzte jendaurrera, aitzindariak zein azken nobedadeak. Ingurua belztuko dute Baztanen.
Depresio Handiaren garaiko zuri-beltzeko argazkiek ere gehiago dute beltzetik, zuritik baino. AEBetako burtsek 1929an izaniko bat-bateko gainbeherak —crash-a— eta lege lehorrari lotutako krimen antolatu eta mafien gorabeherek panorama beltza osatu zuten hango gizartean. Egoera hartan, agertoki ezin egokiagoa aurkitu zuen genero beltzak, orduko miseria, frustrazio eta depresioaren artean, burua azaleratzeko. Ez zen nolanahiko agerpena izan, gainera; kalean eta kalerako sortu zen. Hala aitortu zion Raymond Chandlerrek Dashiell Hammetti —generoaren guraso eta erreferente handiak izan ziren biak— Hammettek krimena «loreontzi veneziarretik atera eta kalezulora eraman» zuela esan zuenean. Aldaera estetikoa baino gehiago ezkutatzen du metaforak: Erresuma Batuan errotutako polizia nobelen generoari sakoneko ikuspuntu aldaketa gehitu zion AEBetako genero beltzak. Aristokrata handien jauregi viktoriarretatik pobreziaz jositako kaleetara ateratzearekin batera, helburua ere aldatu zuen. Garai bateko enigma hutsa, hilketa argitzeko polizia ikerketa, bigarren mailara pasatu zen; krimena aitzakia bihurtu zen, horren atzean ezkutatutako gizarte arazoak eta erro sakonak nabarmen aztertzeko. Kalezuloa gizartearen behatoki hartuta, generoak ateak ireki zizkion kritika sozialari. Eta hala iraun du, oro har, geroztik.
Gurean, Itxaro Borda da generoari lotu eta nobela beltzean gehien aritu diren idazleetako bat. Amaia Ezpeldoi detektibearen bitartez, era guztietako gizarte gaiak aztertu ditu; ikuspegi kritikoz, betiere. Hainbat desagerpen eta krimenen ikerketen haria jarraituz, gai «ekologistetan, familiaren ingurukoetan, antimilitaristetan edo politikoetan» ziztatzen du kritika Ezpeldoi detektibeak. Eta horretarako genero beltza aukeratu izana ez da kasualitatea. Izan ere, Bordak dioenez, «nobela beltza da kritika sozialerako generorik erosoena, pertsonaia hara eta hona ibiltzen delako, sozietatearen maila guztietan, eta berak ikusten duena idazten du autoreak». Gizartearen ustelkeria eta gaiztakeria akuilu dira genero beltzean. Eta hala ematen dio bide irakurketa kritikoari, Xabier Olarra itzultzaile eta Igela argitaletxeko arduradunak dioenez, «lupa berezia jartzen duelako bizitzaren alderdi ez hain zoriontsuetan». Iluntasun horretatik edaten du nobela beltzak. «Gune baztertu eta ahaztuetan», hain zuzen ere, «koktela» sortzen da, Jon Arretxe idazlearen irudikoz. «Osagai klasikoak elkartzen dira, etorkinak, jende txiroa, drogak eta prostituzioa». Eremu horietan, Arretxeren ustez, «ia nahi gabe sortzen da kritika soziala».
Comentarios
Publicar un comentario