Irribarre etruskoa
Zapatua izanda eta hain obra ezaguna, Printzipal antzokian jendetza bilatzea espero neban eta halan izan zan, jendez lepo egoan. Irribarre etruskoa eleberri ezagunaz disfrutauteko alkartu ginan han gengozanok, Jose Luis Sampedro idazleak heriotzaren aurrean adineko gizon batek daukazan beldur eta gogoetez elaberrian eskribidutakoa antzeztuz ikusteko prest.
Antzezlanean Hector Alteriok maisuki lantzen dauan protagonista nagusia, aitite Bruno , antzinako garietara bueltauten da, partizano izan zan garaira adorea berreskuratzeko, intentzitate nabarmenez bizitako uneen indarraz tente irauteko. Baina damua be hor dago, gorrotoa legetxe, Caronte bere herriko fazista baino beranduago hiltzeko nahi sutsua, bere emaztea inoiz ez aitatzea, alabagaz daukan hartu emona ezezagun batekin izan litekeenaren parekoa izatea... Brunorekin bizitzea ez da erraza, lege zaharreko aitite zahar dominante eta harro putz bat da eta , emakumea gizonarenpean ikusten dauana. Halan da be, antzezlanak aurrera egin ahala, Hortensiagaz daukan maitasun istorioan sensibilitate handiagoz azaltzen da, esker oneko gaixoarena. Horregatik Hortensiak Brunoren semeari sentikorra dala esaten deutsonean, honek ezin dau sinestu. Bruno pertsonai aberatsa da, baina kontradizioz josia, gogorra, bizitzak halakoa izatera behartu dauana. Azken batean, obraren magia hortxe dago akatz guztien gainetik aititak berez daukan sentikortasuna eta bizi poza gailentzea, bizitzan jasoten doguna baino garrantzitsuagoa dala ematen doguna azaltzea.
Hector Alteriok izugarrizko beharra egiten dau bi ordu iratuen dauan antzezlanean, txapela kentzekoa. Pertsonaia bere egin eta sinesgarritasuna emoten deutso, neurrira egindako traje dotorean sartzen da Hector Alterio eta duintasun eta jakituriaz eginiko beharra ikusleen gogoan luzaroan geratuko da. Julieta Serranoren papera gaitzagoa da, ze antzezlanean bapatean sartu behar da eta Hector Alterioren mailara ailegatu. Gainera , erregistro konplikatuan ze denbora laburrean maitasun beharra erakutsi eta asetzea justifikatu behar dau. Gainontzeko aktoreen kasuan, eszena aldaketen menpe dagozan seme eta errainak antzezlanaren erritmoa euren gain hartzen dabenez lasaitasun puntu bat faltan nabari jake; etxeko lanak egiten dauan ikasleari, ostera, heldutasun handia nabarmentzen jako pertsonaia antzeztean, erritmo aldaketaren menpe ez egotean lasaiago ari da eta.
Sinpletasuna ardatz hartuta hiru sarrerakaz eta sofá batekin espazioa aktoren lana erraztu eta nabarmentzeko pentsatua dago. Harritu ninduen Julieta Serranok zelan espazioa bereganatzen dauan elkarrizketak hurbiltze-atzeratze-hurbiltze jokoan. Argiz baliatzea be, ustezko etxe batetik bestera pasateko sofa toki batetik bestera mugituz, edo museo eta kaleko espazioak irudikatzeko aproposa begitandu jatan; adibidez autoz eginiko ibilbidea sekulako lorpen eszenikoa da baliabide gutxigaz erreprezentazioak ez dauelako indarrik galtzen eta mezuak benetako zentzua hartzen daualako. Hector Alteriok kotxetik begira lur soroak gaizki landuak dagozala eta egindakoa ez dala lurra lantzeko modua esatean, eszenak bere magia berreskuratzen dau argi jokoei esker, bardin museoa irudiekin gorpuztean be, ze espazioa argiei esker berreraikitzen da narratibitate handiago lortuz.
Gatxena batez be bi orduko antzezlana izanda, textua moldatzea da, obrak badu elkarrizketak baina ez dogu ahaztu behar narrazioa dala. Erregistro altua nabarmentzen da, literarioegia, eta deklamazio joerak zurrunbilo baten moduan erakartzen dauz aktoreak; halan da be, naturaltasuna, expresibitate egokia, giroak eta lexikoa pertsonaia bakoitzaren neurrira moldatzeko joera dago, eta hor aitite Bruno nagusitzen da.
Antzezlanaren bi orduak segituan pasau jakun, pozik atera ginen antzezlanagaz, Hector Alterioren beharragaz harrituta, danoi izugarri gustau jakun.
Comentarios
Publicar un comentario